Aurreko bi urteetan egin zen moduan, Leitzako Udalak eta Kaxkabeltza Elkarteak elkarlanean martxan jarritako egitasmo honekin, osasun krisiagatik eta ondoren etorri diren zailtasun ekonomikoengatik kaltetuak izan diren herriko komertzio txikietan erosketak egitea bultzatu nahi da; baita herriko komertzioek elkarlanean eta elkarrekin lan egitea ere.
Horretarako, 1.710 erosketa txartel jarriko dira salgai eta herritarrek 20 euroren truke, 10 euroko hiru bonu-txartel eskuratzeko aukera izanen dute. Udalak 30 euro horiek osatzeko falta diren 10 euroak jarriko ditu eta horrenbestez 5.700 euro ordainduko dizkio Kaxkabeltza Elkarteari, kanpaina hau gauzatu ahal izateko. Honela, Leitzako komertzioetan 17.000 euro baina gehiagoko mugimendua sortuko du bonu-txartelen kanpainak.
Bonu txartelak ekainaren 6tik 12ra salgai jarriko dira. Kaxkabeltza Elkarteko hainbat saltokietan, eta kontsumitzaile bakoitzak, gehienez, 3 bonu-txartelez osasutako bost sorta erosi ahalko ditu.
Bonuak ekainaren 13tik uztailaren 13 arte erabili ahalko dira Kaxkabeltza Elkarteko komertzioetan. Kanpainarekin bat egiten duten komertzioek kartel bat jarriko dute ikusgai.
Udalak ekarpen berezia egin nahi izan dio aurten ere Kaxkabeltza Elkarteari. Urtero adosten den ohiko hitzarmenean 1.000 euroko dirulaguntzari beste 6.000 euro gehituko dizkio Udalak.
Modu honetan, elkartearen esfortzua eta honek herrian duen garrantzia balioan jarri nahi izan du Udalak eta herriko komertzioek elkarlanean aritzearen garantzia azpimarratu eta eskertu nahi du.