Gauerdi inguruan jende plazan biltzen da, zintzarri banarekin, eta herrian barrena (auzo guztietan zehar, zaharrak eta berriak) horiek joaz ibiltzen da, oinez, pausoan. Aldian behin, soinua handiagoa izan dadin edo, lasterraldiak ere egiten dira, aldapa beherak baliatuz.

Soinua ateratzeko jendeak zintzarriak eramaten ditu, eta baita joaleak, kulunkak, karrakak, kanpalinak, eta kaxkabelak ere.

Gaur egun biharamuneko kabalkadaren oharpen gisako ekitaldi-ekintza modura jotzen da, alegia, hiru errege magoak etorri aurreko iragarpena, umeek egun horietan bizi duten zirrara areagotuz: zintzarri soinuak aditu, "lo hori egin", eta hurrengo egunean, erregeak etorriko dira.

Baina ohitura hau kabalkadak eta opariak egiten eta banatzen hasi baino askoz ere lehenagokoa da. Jada neguko garai hotz eta ilunenak igaroak izaki, abenduaren 21ean neguko solstizioa pasa eta eguna luzatzen hasia baitago ilbeltzeko tenore honetan, "lurrari esnatzen laguntzeko", alegia, udaberrirako prestatzen hasteko, jotzen omen zituzten zintzarriak eta joaleak herritarrek. Adituen ustez gure herriko ohitura honek zuzeneko lotura du Iturengo eta Zubietako joaldunenarekin, esanahiari dagokionez, tenore bertsukoak baitira.

Aipatzekoa da ekitaldi honek hurrengo goizean jarraipena izaten duela. Ilbeltzaren 5eko eguerdi artean umeak ateratzen dira, mordoskaka, auzoan barrena zintzarriak jotzera. Baina ohitura hau galtzen ari ote den dirudi, azken urteotan oso ume gutxik parte hartzen baitu.