Historia laburra

Historiaurrea

Leitzako eremuan giza presentzia aspaldidanik eman da, eta hori baieztatzen duten aztarna materialik badago inguruan. Historiaurreko gizakiak inguruko mendietan utzitako aztarna megalitikoak dira horren erakusle. Egundaino, inguruan aurkitutako aztarna zaharrenak orain 6000 urteko bi ganberadun trikuharri batenak dira, eta Mendibilen aurki daitezke.

Trikuharria Mendibilen

Bada bestelako adierazpen megalitiko aipagarririk herrian, horien artean esangura berezia izanik Urolako harrespilak edo cromlechak, duela 4000 urte eraikiak. Hala ere, badaude, xumeagoak izanda ere, historiaurreko gizakiaren presentzia azaltzen duten aztarna ugari bertako mendietan.

Lehenengo aipu idatziak

Leitzaren inguruko aipu idatzi zaharrenak Erdi Aroan kokatzen dira. Orain arte ezagutzen den aipu idatzi zaharrena Antso Nagusiaren erregealdian kokatu behar dugu (1004-1035). Iruñeko diozesiaren mugak azaltzen dituen dokumentu batean zerrendatuta agertzen da Leitza, Areso eta inguruko beste herri batzuekin batera. Honen arabera Leitza Iruñeko diozesiaren parte izango zen. Hala ere, dokumentuaren egiazkotasuna zalantzan egon daiteke, egun gordetzen dena jatorrizko dokumentuaren XIII.mendeko kopia bat baita, Iruñeko katedraleko artxiboan aurki daitekeena. Garai hartan ez zen ohikoa diozesien mugen deskribapen zehatzak egitea, eta aldiz maiz gertatzen zen agintarien interesekoa bazen benetako dokumentuetan aldaketak egitea.

Leitzaren hurrengo aipu idatzia 1192an aurkituko dugu, urte hartan jaso baitzuten Leitzak eta Aresok Antso VI.a Jakintsuaren eskutik forua. Leitza eta Areso egun bi udalerri dira, baina garai hartan udalerri bakarra osatzen zuten, eta garaiko Nafarroako erregearen eskutik jaso zuten forua. 1192-1994 artean hamasei foru emanaldi gauzatu zituen Antso VI.ak Nafarroako nekazal-komunitateetan, eta testuinguru honetan kokatu behar dugu dokumentu hau.

Foru-dokumentuan Leitza eta Aresoko biztanleei erregearekiko zenbait betebehar ezarri zitzaizkien, eta eskumenen bat ere jaso zuten.

Leitzako Forua

Leitza eta Aresoko biztanleei erregearekiko ezarri zitzaizkien betebeharrei dagokionez esanguratsuenak zergak dira.  Dokumentuak dioenaren arabera, bertako biztanleek petxak ordaindu behar zizkioten erregeari, baita ganaduaren gaineko zergak ere.

Erregeak ere justizia arloko zenbait eskumen baieztatu zituen foru emanaldiarekin batera. Erregearen edota bere ofizialen esku geratzen zen justizia, bigarren hauek izanik isunak ezartzearen arduradunak. Dokumentuan nabarmentzen diren isunak calonias eta homicidium delakoen ondorioz ezartzen ziren isunak dira, zeinak istripuz gertatutako heriotzak eta erailketak zigortzeko helburua zuten.

Hala ere, Leitza eta Aresoko biztanleek jaso zuten eskumenik ere foru emanaldiaren bitartez. Horien artean esanguratsuena erregearen lurretan libreki bazkatzeko eskumena da. Eskumen hori jaso zuten bakarrak izan ziren, garaiko beste foru txikiekiko berezitasun esanguratsu bat izanik.

Foru dokumentua aztertuta, agerikoa da garaiko ekonomian abeltzaintzak zuen pisua, baina nekazaritzak ere garrantzia handia zuen Leitzako biztanleen biziraupenean. Denborarekin beste jarduera bat ere gehitu zitzaien hauei, burdinolek indar handia hartu baitzuten eskualdean. Horren erakusgarri dira Astibia, Ixkibar, Urto, Ibero, Irizabal, Matxain, Olaberria, Errezuma, Sarasain eta Urdinola esaterako. Hauetatik burdina eta iltzea lortzen zen, gehien bat merkatal flotara bideratzeko.

Leitzako armarria

Leitzako armarriaren jatorria Baezako guduari lotuta dago. Jaengo mugetan 1227an burututako gatazka horretan zenbait leitzarrek garaiko Bilboko jauna zen Lope Diaz de Haroren alde borrokatzera joan ziren. Emandako laguntza eskertzeko, Bilboko jaunak Bizkaiko armarriaren antzekoa eman zion zion Leitzako herriari, baina Bizkaiko armarriak bi otso zituen bitartean Leitzakoak otso bakarra izango zuen.

Kokapenaren garrantzia

Leitzako armarria

Erdi Aroan jarraituz, Leitzako herriaren kokapenak jokatu zuen papera azpimarratzeko modukoa da. Nafarroa eta Gipuzkoa arteko mugan kokatzen da, eta hori dela eta Nafarroako monarkiarentzat gune estrategiko bihurtu zen, mugako beste eremuekin batera. Hori horrela, Leitzan zegoen gaztelua mantentzea garrantzitsua izan zen.

Muga izaera horrek zenbait gatazketan murgildu du herria historian zehar. Horren erakusle XV.mendeko zenbait gertaera. Orduan Leitza Nafarroako eta Gaztelako erreinuen arteko mugan zegoen, eta horregatik bi lurralde hauetako erregeen arteko borroken ondorioak pairatu zituen. 1429an Gaztelak herria suntsitu egin zuen, eta horren ondorioz zortzi urtez, 1437.urtera arte, Leitza Gaztelaren esku geratu zen. Orduan Nafarroako erreinuan integratu zen berriro. Denbora batez egoera baretu bazen ere, 1444an berriz arazoak piztu ziren, herria beste behin suntsitua geratuz.

1512an Gaztelak Nafarroako erreinua konkistatu zuen, Leitza ere Gaztelako erreinaren mugetan txertatuz. Hala ere, Nafarroak zenbait saiakera egin zituen XVI.mendean bere independentzia berreskuratzeko, horien artean Amaiurko eta Noaingo gatazkak dira garrantzitsuenak. 1522an Noainen burututako borroka hartan zenbait leitzar Nafarroako erreinuaren alde borrokan aritu ziren.

Leitza eta Areso banatu zirenekoak

Historian aurrera eginda herriaren bilakaera baldintzatu zuen prozesu bat gauzatu zen: 1770ean Leitza eta Areso bereizi egin ziren. Banaketak biztanleria galera ekarri zuen, baina ez zen garai hartan biztanleria galdu izanaren arrazoi bakarra izan. Urte nahasiak ziren, eta ugariak izan ziren inguruan piztutako gatazkak (Konbentzio gerra, Karlistaldiak…), baita horrek eragindako giza galerak. Gainera, gatazkek jendea miseria gorrian bizitzea eragin zuten, eta honek era berean jendearen elikadura okertu zuen, heriotza tasa gehituz. Testuinguru horretan, asko izan ziren bizimodu hobearen bila herria utzi zutenak. Zenbaitek Bizkaiko labe garaietan aurkitu zuten bizibidea, beste batzuk Ameriketara joan ziren… Garaiko biztanleriaren datuak aztertuz, biztanleriaren galera hori agerikoa da: 1.724 biztanle zeuden 1800.urtean, eta 1880. urterako kopurua 1.399ra jaitsi zen.

 

Orduan hasi zen biztanleria berriro gora egiten, eta XX.mendean zehar Leitzak bere historiako biztanleria daturik altuenak lortu zituen.

Zeintzuk izan ziren hori eragin zuten faktoreak? Burdina berriro indartzea oso garrantzitsua izan zen. Honekin batera, ezin ahaztu Plazaola trenaren agerpena. XX.mende hasieran hasi ziren eraikitzen Donostia eta Iruñea lotzen zituen tren hau, eta Leitzatik pasatzen zen 1953ko uholdeek eragindako kalteen ondorioz bere jarduna eten zuen arte. Azkenik,  60eko hamarkada paper lantegia herrian ezarri izana oso garrantzitsua izan zen, ordutik herriko ekonomiaren oinarri nagusia izanik. Asko izan ziren bertan lanean hasitako leitzarrak, eta aldi berean inguruko zein kanpoko langileak hartu zituen lantegiak. Biztanleriaren gorakada nabarmena izan zen, egun 500 langilera iristen ez bada ere, bere garaian 1500 langile izan baitzituen.

LEI-192-38-Ferrocarril_Plazaola_Estacion_Leiza_1914_AGarcíaDéan_AMP
Paper fabrikaren hastapenak
Menua