Antzinako Plazaola trenak Iruñea eta Donostia lotzen zituen; Plazaola Partzuergo Turistikoak sustatu du 85 kilometroko bidea berreskuratzea.

Momentuan trenbidea zenaren zati handiak daude egokituta, baina guztion nahia litzateke garai batean trenak egiten zuen ibilbide bera, osotasunean, egokitzea. Iruñea eta Donostia natur-bide jarrai batekin lotuz. Bertakoek eta bisitariek ibilbide honetan zehar gure lurraldeak erakusten dituen paraje ezberdin bezain ikusgarriez gozatuz.

Leitzak ditu natur-bidean egokitutako kilometro gehien. Garai batean Leitzako estazioa zenaren eraikinetik has ditzakegu ibilbide ezberdinak.

Uitzi aldera abiatuta, 7 kilometroko ibilbidea dugu Uitziko tuneleraino. Tartean, Telleriko tunel eroria dela-eta zeharkako bide bat hartu beharko dugun arren, Leitzako herriaren bista ikusgarriak topa ditzakegu eta benetan bide gomendagarria da.

Estaziotik Gipuzkoa aldera hartuz gero, berriz, 26 kilometroko bide egokitua daukagu. Andoaingo herriraino iristen da bide hori eta oso ederraz gain, erosoa ere bada. Bizikletaz egiteko ibilbide bikaina, bista ederrez gozatuz.

Natur-bidekoa ibilbide egokia da pertsona guztientzat, 0-99 urtekoek egin dezakete oinez, aulkitxoan, gurpil-aulkian, bizikletaz edo zaldiz. Muga bakarra motordunek dute; ez autorik, ez motorik. Ibilgailu horientzat dago bide lasterra, A-15 autobidea, trenbidearen parez pare.

Momentu honetan Leitzako estazio zaharrean lanean ari gara. Leitzak eta inguruak turismorako behar dituen azpiegitura egokiak lortzeko proiektua jarri dugu abian. Plazaolako Partzuergo Turistikoarekin eta Nafarroako Gobernuarekin batera apustu sendoa egin dugu Leitzaldean turismoa sustatzeko.

Informazio gehiago