Leitza Nafarroako Foru Erkidegoko herri bat da, eta Iruñeko epaitegi-barrutian esleitua dago. Mendialdeko ipar-mendebaldean kokatuta dago, Kantauri-Atlantiar eskualdean.

Ondoko herri hauekin egiten du muga:

  • Iparraldean: Berastegi eta Goizueta.
  • Hegoaldean: Uitzi (Larraun).
  • Ekialdean: Goizueta, Ezkurra (Malerreka) eta Beruete (Basaburua).
  • Mendebaldean: Berastegi eta Areso.

Gaur egun oso ongi komunikatua dago Iruñearekin (50 km) zein Donostiarekin (36 km). Eskualdeari dagokionez, Leitzako herria ondoko tokiekin honela lotzen da: NA-1700 errepideak Uitzirekin lotzen du (8 km) eta haren bidez baita Lekunberrirekin ere. Ipar-ekialdeari dagokionez, Aresorekin lotuta dago (3 km). Leitza-Doneztebe NA-170 errepideak, berriz, Leitzaran eta Malerrekako bailarak elkartzen ditu, eta 29 kilometrora dago Doneztebe. Ezkurrako gainetik joanda, NA-4150tik hain zuzen, 15 kilometrora dago Goizueta. Azkenik, Berastegi herria NA-1320 errepidetik joanez (8 km) topatuko dugu.

Udalerriko orografiaren ezaugarrietan etengabeko goraguneak eta bailaretan banatutako mendilerroak ditugu. Horietan aldapa handiak eta erdi-bitartekoak dira nagusi (%40-60).

Hainbat mendilerro ageri dira Leitzako lurraldean:

  • Mandoegi - Urepel lerroa, iparraldea-hegoaldea orientaziokoa, Leitzalarreko mendien barruan.
  • Arramia - Baztarla - Aizan - Eguzkizko Muinoa lerroa; ekialde-hegoaldea orientazioa du,eta Leitzalarreko muga egiten du.
  • Guratz - Axuste - Urtezar lerroa; hegoaldea-iparraldea orientaziokoa, Areso eta Leitza arteko muga egiten du.
  • Kornieta - Beordain bidea; ekialdea-mendebaldea norabidea hartzen du, Beruete eta Ezkurrako mugetan.

Mendien batez besteko altuera 700 metrokoa da, eta aipagarrienak ondokoak dira: Eguzkizko Muinoa (1.083 metro), Urepel (1.056 metro), Aizan (1.055 metro), Guratz (952 metro) eta Kornieta (1.058 metro).

Leitzako mendiak Atlantikotik datozen haizeek topatzen dituzten lehenengo mendiak dira eta pantaila moduan jokatzen dute (Foehm efektua). Horregatik egiten du hainbeste euri eskualdean.