Udala orokorrak

‘Udalbiltzan Bagabiltza’ leloarekin egin zen Udalbiltzaren Batzar Nagusia joan den larunbatean. Bertan datorren hamarkadarako lan ildoak zehaztu eta zuzendaritza berria aukeratu ziren. Mikel Zabaleta, Leitzako alkatea Batzorde Eragileko kidea izanen da.

Udalbiltzako kideak, erakundearen batzar nagusia egiteko elkartu ziren pasa den larunbatean, azaroak 18. Bileran, aurrera begirako lan ildoak zehaztu dituzte, eta batzorde eragileko kideak berritu. Luis Intxauspe (Hernaniko alkatea) izendatu dute, berriz ere, lehendakari, eta Maite Iturre (Baztango zinegotzia) lehendakariorde.

Bi horiez gain, honako hauek izango dira Udalbiltzako Batzorde Eragileko kide: Nekane Garaigordobil (Legutioko alkatea), Jon Arriola (Berriatuako alkatea), Izaskun Guarrotxena (Bilboko zinegotzia), Jabi Asurmendi (Arakaldoko alkatea), Haizea Isasa-Mendez (Gamarteko zinegotzia), Patricia Perales (Iruñeko zinegotzia), Oihan Mendo (Garesko alkatea), Mikel Zabaleta (Leitzako alkatea), Alaitz Aizpurua (Usurbilgo zinegotzia), Andoni Gartzia (Astigarragako zinegotzia) eta Xebax Christy (Hazparneko zinegotzia).

Batzarrean, 130 hautetsik parte hartu zuten. Zuzendaritzako kideak hautatzeaz gain, iaz abiatutako Bagabiltza hausnarketa prozesuari amaiera eman zioten. Denera, 600 lagunek parte hartu dute bilera horietan; gehienak hautetsiak, baina baita hautetsi ohi, gizarte eragile eta herritarrak ere. 201 herri eta 23 eskualdetakoak izan dira parte hartu duten hautetsiak.

Lan ildo batzuk zehaztu dira: hautetsien eta eragileen saretze dinamikak martxan jartzea, Ikerbiltza eta Hurbiltzen egitasmoetan sakontzea, Esperientzia Bankua bultzatzea, eta EHNA berrindartzea gaur egungo egoerara egokituta.
Euskal Herri mailan, udalerrien eta herritarren artean elkartasun sare zabala osatzen duten egitasmo eta elkarlanak bultzatzeko konpromisoa agertu du Udalbiltzak.

Horrez gain, Udalbiltza erabilgarri eta funtzionala izan behar dela aldarrikatu da. Euskal Herria eraiki eta kohesionatzeko baliagarria, egunerokotasunean lagundu eta gauza konkretuetan nazio eta herri ikuspegiaren lanketan lagunduko duena.

Udalbiltza Partzuergoak, Nafarroako Foru Komunitateko eta Euskal Autonomi Erkidegoko zein Pirinio Atlantikoko Departamenduaren Nafarroa Behereko, Lapurdiko eta Zuberoako herriko etxeen arteko elkarlan instituzionala sustatzea du xedea, aipatu entitatek bereak dituzten konpetentziak garatuz.