Tokiko Garapena

Plazaola Natur Bidean egur hesien konponketa eta aldaketan lanak egin ahal izateko diru-laguntza lortu du Leitzako Udalak. Guztira 50.000€ko diru-laguntza jasoko du Europako FEDER programatik. Horrez gain, Leitzako Udalaren asmoa  mendiko hiru ibilbide erregistratu eta seinaleztatzea da. Osotara, 70.000€ko inbertsioa eginen du Udalak aurten turismo arloan. Lanak, uda ondoren hasiko direla aurreikusten da.

Plazaolako trenbidean jende ugari ibiltzen da, bai Leitzakoa zein kanpokoa eta, turismo ikuspuntutik erakargarria eta garrantzitsua den baliabidea da trenbide zaharra.

Bideko zati askotan egurrezko hesia dagoeneko egoera nahiko txarrean dago: ustelduta, lurrean erorita edo egoera kaxkarrean. Hesiak konpondu eta aldatzeko memoria eta aurrekontuak prestatu zituen Udalak hainbat diru-laguntza deialdietan aurkezteko.

Cederna-Garalur elkartearen bitartez 50.000€ jasoko ditu Europako FEDER programatik gaur egun egoera txarrean dauden hesiak kendu eta berriak jartzeko. Gainera, hesietan erabiliko den materialak iraunkortasun maila handiagoa bermatuko du hesietan.

Hiru mendi ibilbide erregistratu eta seinaleztatuko dira proiektu berean.

Geroz eta gehiago dira gure mendietara ibilalditxo bat egitera hurbiltzen diren bisitariak. Hori dela eta, Leitzako Udalaren asmoa da mendiko 3 ibilbide erregistratu eta seinaleztatzea. Honekin, Leitzako ibilbide sarea, sei ibilbide desberdin izatera pasako litzateke.

Gaur egun Leitzalarrean dauden ibilbideak mantentzeaz gain, Iberoko dorreraino doan ibilbide berri bat sortuko da, mendizaleek ibilaldiaren ondoren, erdi aroko konplexu arkitektoniko honetara iritsi eta gozatzeko aukera izan dezaten.

Bestalde, Sorogain, Kornieta eta Aritz-mendiko paisaiak Plazaolako trenbidearekin lotuko dituzten beste bi ibilbide ere osatzeko asmoa dauka Udalak.

Turismo mota hau garatzeko, jasotako diru-laguntzaz gain, Udalak 20.000 euro inguruko inbertsioa eginen du, hau da, proiektuaren kostua guztira 70.000 euro izango direlarik. Lanak, uda ondoren hasiko direla aurreikusten du Udalak.