Azken urteotan Festetako Erasoen Aurkako Mahaia (Berdintasun Zinegotzia, Berdintasun Teknikaria, Pesta Batzordea, Txozna Batzordea, Kaxkabeltza eta Sastrakak) osatzen duten eragileak eraso sexista, arrazista, homofobo eta gisakorik gabeko herri bat eraikitzearen aldeko lanketan jardun dira.

Festak hastear diren honetan, ezin dugu ahaztu gizartean hain hedatua dagoen arazoa: mota eta maila guztietako erasoak. 

Honi erantzun edo aurrea hartu nahian, azken urteotan Festetako Erasoen Aurkako Mahaia lan eta lan aritu da. Aurten eragile gehiago batu dira egiteko horretara eta horien artetik aipatzekoa da eratu berri den SASTRAKAK talde feminista.

Ondorioz, eraso sexistei aurre egiteko protokoloa berrikusi eta egokitzeko konpromisoari heldu diote. Guztiak norabide berean, koordinatuta, urratsak zehaztuta, erantzun azkar eta bateratuak emateko asmoz, buru-belarri jardun dira.

Horrez gain, prebentzioak eta sentsibilizazioak duten garrantziaz jakitun, material ezberdina sortu eta banatu da (informazio orriak, kartelak, esku morea...) pestei begira, intentsitate ezberdineko erasoak identifikatzeko eta horiei modurik eraginkorrenean aurre egiteko baliagarriak izan daitezkeela iritzita.

Gainera, pestetarako kontratatu diren talde guztiek berdintasunaren inguruko klausula bat sinatu dute aurten ere kanta sexista edo baztertzailerik ez jotzeko eta, ekitaldietan zehar erasorik gertatuz gero hori salatzeko.

Azken urte hauetako helburuetako bat, askotan salatzen ez diren edota lagunarteko elkarrizketetan geratzen diren erasoen inguruko bilketa bat egitea litzateke. Jasotzen diren istorioak eta datuak baloratu eta elkarlanean salaketa sozial orokor bat egin nahi da isilpean geratzen diren ahotsak kaleratuz; erasorik ez baita geratuko salaketarik gabe!

Horretarako, Erasoen Arreta Telefonoa jarri da eskuragarri, WhatsApp zerbitzua barne: 673 56 55 89

Datuak baloratu eta zabaltzeko momentuan, pertsonaren anonimotasuna eta intimitatea zainduko dira. Beraz, parte-hartzeko gonbitea luzatzen zaie herritarrei.