Kultura eta Kirola Partehartzea eta Auzolana

Aurtengo txupinazoa nork bota herritarren esku utzi du Pesta Batzordeak. Hiru hautagaien artean bozkatuko ahalko da: Villabona talogileak, Gabriel Saralegi eta Eskolako irakasle jubilatuak. Bozka mahaiak jarriko dira horretarako plazan ekainaren 9an, 22an eta 23an.

Pesta Batzordea herritar guztientzat irekitako gune bat da eta programa eta hainbat kontu modu parte hartzailean erabakitzen dira. Aurten beste urrats bat eman nahi izan du batzordeak eta txupinazoa herritarrek bozketa bidez erabakitzea proposatu du. Hemendik aurrera horrelako erabakietan ere herritar guztiak inplikatzea bilatu nahi du batzordeak, beraz, ez da aldi bakarra izanen hau eta hemendik aurrera, urtero errepikatuko den ekimena izanen da.

Bertan parte hartzen duten eragile eta pertsonen artean ideia asko jaso badira ere aurtengo txupinazoa botatzeko, orain herritarren esku geratuko da erabakia eta hiru hautagairen artean aukeratuko da 2018ko txupinazoa nork bota.

Horretarako bozketa mahaiak jarriko dira hainbat egunean zehar eta pestei hasiera emanen dien txupina nork jaurtiko duen erabaki nahi duen herritarrak bertan eman beharko dute bozka.

  • Ekainaren 9an, larunbata, arratsaldez plazan (Sagardo dastaketa garaian).
  • Ekainaren 22an, ostirala, goizez, plazan (feria garaian).
  • Ekainaren 23an, larunbata, arratsaldez, plazan.

Pesta Batzordeak gainera hiru hautagai hauen inguruko azalpen txiki bat kaleratu du herritarrek bozketa erabakitzeko garaian arrazoiak argi izan ditzaten:

 

VILLABONA TALOGILEAK: 30 urtez Kultur Aroan auzolanean. Villabona talogileek 30 urte daramatzate Kultur Taldearekin elkarlanean. Eragile honek antolatutako ekimenenetan parte hartzen dute musu-truk eta jasotzen duten dirua ALKE kultur taldeari ematen diote.

GABRIEL SARALEGI: Herri kirolzale eta bultzaile. Gabriel Saralegik urte asko daramazki herriko ekimen desberdinetan, bolondres, auzolanean parte hartzen. Besteak beste herri kirol saio eta erakustaldiak antolatzen. Ahalegin handia egin du gure kultura eta izaeraren parte diren herri kirolak bultzatzen.

ESKOLAKO IRAKASLE JUBILATUAK: Leitzako hiru belaunaldi beren eskuetatik pasatu gara. Eskolako irakasle hauek lan handia egin dute leitzarrak hezten. Gerora oso bide ezberdinak hartu baditugu ere denoi oinarri berdina eskaini ziguten. Garai zailetan, hezkuntza, edukiak ikastetik harago, baloreak eta gure kultura zabaltzeko bisioa izan dute.