Berdintasuna eta Gizarte Politikak

Orain dela hilabete batzuk, eskualdeko Berdintasun Batzordetik errespetuzko harremanen aldeko kanpaina jarri genuen abian Leitzan, Goizuetan, Areson eta Aranon. Leitzako pestetan harreman sanoak bultzatzean segitzearen aldeko aldarria zabaltzea oinarrizkoa da. Indarkeriarik gabeko guneak, espazioak eta ekitaldiak garatzen eta sortzen jarduteak emakume eta gizonen arteko ezberdintasunak gutxitzearen bidean pausu garrantzitsu bat suposatuko luke. Leitza parekide, berdinzale, segurua eta justua eraikitzen jarraitzea ezinbestekoa da. Jaietarako eraso sexisten aurkako protokoloa martxan jarriko du Udalak eta Berdintasun Batzordeak. Aurtengo gure helburuetako bat, askotan salatzen ez diren edota lagunarteko elkarrizketetan geratzen diren erasoen inguruko bilketa bat egitea izango da.

Orain dela hilabete batzuk, eskualdeko Berdintasun Batzordetik errespetuzko harremanen aldeko kanpaina jarri genuen abian Leitzan, Goizuetan, Areson eta Aranon. 

Emakumeenganako indarkeria modu askotara eman ohi denez (kontrola, zeloak, hitz iraingarriak, gorputza baimenik gabe ukitzea, kolpeak, mehatxuak, mespretxuak, bortxaketak, erailketak…), honi aurre egitea denon ardura dela ulertzen dugu, erakunde publiko, elkarte, eragile, enpresa, establezimendu eta oro har herritar guztiona. Edozein eraso sexisten aurrean jarrera aktibo bat mantentzea funtsezko ariketa da. 

Harreman sanoak eta indarkeriaren gabeko guneak

Kanpainari merezi duen jarraikortasuna eman nahirik, Leitzako pestetan harreman sanoak bultzatzean segitzearen aldeko aldarria zabaltzea oinarrizkotzat hartzen dugu. Indarkeriarik gabeko guneak, espazioak eta ekitaldiak garatzen eta sortzen jarduteak emakume eta gizonen arteko ezberdintasunak gutxitzearen bidean pausu garrantzitsu bat suposatuko luke. Leitza parekide, berdinzale, segurua eta justua nahi dugu.

Protokoloa, eragileen lankidetzaren fruitu

Azken urteotan Leitzako Udalak, Berdintasun Batzordeak eta Pesta Batzordea osatzen duten eragileak, eraso sexistarik gabeko herri bat eraikitzearen lanketan jardun da. Aurten ere eraso sexistei aurre egiteko protokoloa berrikusi eta egokitzeko konpromisoa hartu dugu. Guztiok norabide berean, koordinatuta, urratsak zehaztuta, erantzun azkarrak eta bateratuak emateko asmoz burubelarri ibili gara lanean.

Horrez gain, prebentzioak eta sentsibilizazioak duten garrantziaz jakitun, pestetan material ezberdina sortu eta banatuko da, intentsitate ezberdineko erasoak identifikatzeko eta horiei aurre egiteko baliagarriak izan daitezkeela pentsaturik. 

Eta zuk, erasoren bat jasan duzu edo behatu duzu?

Aurtengo gure helburuetako bat, askotan salatzen ez diren edota lagunarteko elkarrizketetan geratzen diren erasoen inguruko bilketa bat egitea litzateke. Salaketa sozial orokor bat egin nahi dugu jasotzen ditugun istorioak eta datuak herritarrei zabalduz, isilpean geratzen diren ahotsak kaleratuz. 

Leitzako pestetan zehar eta pestak igaro ondoren, jai egun hauetan ikusi edo jasan duzun egoera hori kontatu eta sozialki salatzeko aukera izango duzu. Horretarako, behean ageri den salaketa sozialaren telefonoa jarriko da eskuragarri. Datuak zabaltzeko momentuan, pertsonaren anonimotasuna eta intimitatea zainduko dugu. Beraz, parte-hartzeko gonbitea luzatzen dizuegu. 

Ez isildu, ez izan konplize. 

ERASO BAT JASAN EDO IKUSI BADUZU TELEFONO HAUEK ERABILI

Informazioa: 016

Arreta protokoloa: 012

Salaketa judiziala: 948 56 46 14

Salaketa soziala (Berdintasun Batzordeko arduraduna): 686 66 08 12

Ongi pasa pestak, gozatuz eta gozaraziz, etxeko ardurak banatuz, ligoteo sano bat praktikatuz, errespetuzko harremanak garatuz, gune seguru eta berdinzaleak sortuz.