Kultura eta Kirola

Nafarroako Parlamentuko Kultura, Kirola eta Gazteria Batzordearen bisita jaso dugu gaur Leitzan. Bisitaren helburua Leitzako zine zaharra bertatik bertara ezagutzea izan da.

Udalak dagoeneko zinean egin beharreko moldaketa lanen memoria aurkeztu du Nafar Gobernuko Kultura Zuzendaritzan. Hala ere, gaurko parlamentarioen bisita zine zaharra bertan erakutsi eta gaur egun azpiegitura honek dituen arazoak azaltzea izan da.

Udalarentzat garrantzitsua da baldintza duineko zine areto bat izatea. Izan ere, urte askoan garapen sozial eta kulturalerako erreferentea izan da herrian zine zaharra. Baina gaur egun, arazo asko ditu irisgarritasun arauak betetzeko, hezetasunak ere kaltea eragiten ditu urtero-urtero eta isolamendu termiko ezak energia galera handiak sortzen ditu.

Erreforma eta moldaketa lanak eginez gero, gaur egun dituen arazoak konpontzeaz gain, aukera dago zine aretoari beste izaera bat eman eta areto funtzio-anitzeko bihurtu eta Leitzan dagoen kultur zaletasun eta sormenari eusteko. Horrelako areto batek, herrian betidanik egon den kultura, sormen eta ekimen grinak asetzeko balioko luke.

Leitzako Udaletik parlamentariei helarazi zaien mezua da, ez dugula azpiegitura berri bat edota, handikietan dirua gastatzerik nahi. Orain arteko ibilbidean erakutsi den moduan, herrian dauden baliabideak ahalik eta modu eraginkorrenean moldatu eta baldintza egokietan edukitzea da Udalaren nahia.

Mikel Zabaleta alkateak eta Julian Zabaleta zinegotziak egin diete harrera parlamentariei positiboki baloratzen dute bisita eta Nafar Gobernuaren aldetik erantzuna halakoa izatea espero dute.