Euskara eta Hezkuntza Tokiko Garapena Kultura eta Kirola

Guraso Katolikoen Elkarteak Oialde lokala Udalari eman dio, baldintzapeko donazioaren bitartez. Horrek liburutegia herrian kokatzeko aukerak ireki ditu.

Aspalditik lantzen ari zen Udala liburutegi zerbitzua herri erdira ekartzeko aukerak. Izan ere, gaur egungo kokapena urruti xamar egoteaz gain zaharkituta geratu den azpietura bat da.

Leitzako Udalak,  modernoa, erosoa eta herritik gertuago egongo den liburutegi proiektua garatu nahi izan du eta horretarako kokapen bila aritu da.

Guraso Katolikoen Elkarteari proposamena luzatu zion Udalak,  Oialdeko lokala egoki ikusten zelako liburutegi berriaren kokapenerako. Elkarteak,  pasa den otsailaren 23an, egindako batzarrean aho batez onartu zuen Udalari baldintzapeko donazioan ematea lokala.

Udalak proiektua datorren agintaldian burutzea du helburu. Inbertsio handiak egin beharko direnez, PILeko deialdietan diru-laguntza eskaera egin beharko da. Guraso Katolikoen Elkarteak ez bezala, Udalak aukera izanen du deialdi horietara aurkezteko.

Liburutegi berriaren proiektuak hainbat espazio jasoko ditu, guztiak lokal berean uztartuta hala nola; haurrek etxeko lanak egiteko txokoak, isiltasunean ikasteko gelak, liburu edo prentsa irakurketarako espazioa edo ordenagailu gunea lan egin edo kontsultak egiteko.

Udalak,  Guraso Katolikoen Elkarteko kideei beraien jarrera eta herriaren interesen alde aritu izana eskertu nahi die.