Tokiko Garapena

Leitzako Udalak eta LeitzEKO Kontsumo taldeak elkarlanean, bertako produktuen IV. azoka antolatu dugu azaroaren 11rako. Gure ekoizleen eta bereziki gure baserritarren jakinduria eta ezagutza zabaltzeko erakusleihoa izan nahi du Azokak. Bai parte-hartzaileen aldetik eta baita ere herritarren aldetik jaso zuen erantzunagatik, ekimen arrakastatsua geratu da. Aurten gainera, bi berrikuntza egonen dira feriaren bueltan. Bertako produktuen pintxopotea ostiralean eta Azoka Menua igandean.

Bertan eta bertakoa kontsumitu, modu arduratsuan. Hori da azoka honen helburu nagusia. Bertakoa erosi eta jaten dugunean, herriko eta inguruko ekonomia sustatzen dugulako, komunitate kontzientzia sortu eta herria indartzen dugulako.

Guztira 30ren bat parte-hartzaile espero dira eta denetarik izango da. Animali eta hegaztien erakusketaz gainera, udazken sasoiko produktuez osatutako salmenta postuak egongo dira :  barazkiak, gazta, babarruna, eztia, intxaurrak,arto-irina, sagardoa, mermeladak,  bertan egindako gozoak, e.a. Eta Leitzako udalaren babesarekin antolatu da.

Azaroaren 11an, igandearekin izango da Azoka. Leitza eta Aresoko produktuen azoka egingo da Leitzeko plazan (eguraldi txarra bada frontoian), goizeko 10etan hasita 14ak arte.

Aurtengo Azokak ere  baditu berrikuntzak. Hain zuzen ere, Leitza eta Aresoko ostatu eta jatetxe ezberdinek bertako produktuen alde egiten ari diren apustua ikustarazteko, bi ekimen berri garatuko dira. Ostiralean, azaroak 9, bertako produktuen pintxo-potea izanen da Leitzako ostatu ezberdinetan. Azoka egunean berriz, igandearekin, Leitza eta Aresoko ostatu eta jatetxe ezberdinek bertako produktuekin osatutako Azoka Menua eta plater bereziak eskainiko dituzte. Bi ekimen hauetan parte hartzen duten jatetxe eta ostatuek identifikagarriak izango dituzte "Hemen bertako pintxopotea" edota "Hemen Azoka Menua eta plater bereziak"  adieraziz.