Kultura eta Kirola

LEITZA ARGAZKI ZAHARRETAN izenburua daraman argazki bildumak xumeki leitzarron memoria ekarri nahi du gaurdaino. Duela mende bat hartutako irudiak zer eta nolakoak izan ginen gogoratzeko balioko digu. Ez gara askorik murgildu behar Historian zehar, geure herrian gertatutakoekin liburu bat baino gehiago egin ahal izateko. Maiatzaren 26ko aurkezpenaren ondoren, liburua Maimur eta Astizen salgai egonen da.

Udaletxearen berrikuntzaren mendeurrena aitzakia hartuta, bi urte luze hauetan istorio, kontu, pasarte, argazki, etab. bildu eta entzuteko astia izan dugu. Etxe askotako ateak ireki dizkigute: eskaini dizkiguten kafe goxoa dastatzeko denbora izan gabe ere, Leitzako jende onaren laguntzeko grina liburuaren oinarria da.

XX. mende hasierako Leitza: bere ohiturak jaso ditugu irudietan, Plazaolaren iraganean murgildu gara bere tuneletan entzun zitezkeen soinuei irudiak jarriz, baserrietan egiten ziren lanei forma eman diogu eta XXI. mendeko begiekin gozatu ahalko da bildu eta aukeratu ditugun argazkiek eskaintzen dizkiguten momentu gozo, harrigarri eta bitxiez. Argazki bilduma honekin, gure iraganera hurbildu, ukitu eta gozatu ahalko dugu.

3.000 argazki bildu baditugu ere, ez dugu ahantzi behar iraganean batzuk gutxiren eskura zegoela argazkiak egin ahal izatea eta irudi horiek etxeetan eduki ahal izatea. Hortaz, gure artera iritsi diren irudiak, horietako asko denbora oso luzez egon dira  argirik ikusi gabe,  gure herriko altxorrak dira; orain etxe bakoitzean izan ahalko dugun herritarron ondarea da.

AURKEZPENA, 2017KO MAIATZAREN 26AN, 19.00TAN UDALETXEAN