Mendia Jasangarritasuna Tokiko Garapena

Larren Eguna, ekainaren 16an ospatuko da. Eguna modu didaktikoan planteatuta dago baserri eta hazienda mundua ezagutu eta elkarrekin bazkaltzeko aukera egonen delarik. Baserritarrek Leitzan eta Areson egiten duten ekarpen sozial eta kulturala balorean jartzeaz gain, paisaia eta lurraldearen mantentzean egiten duten lana ezagutarazteko eta aitortzeko egun bat izango da.

“Leitza Kontsumituz” partaidetza prozesuan ekintza plan bat osatzeko ekarpenak bildu ziren iazko udazkenean.  Ekarpen horiek, hurrengo helburu orokorren norabidean kokatu ziren:

  • Lehen sektorearen eta bertako produktuen bisibilizazioa.
  • Elikadura burujabetzaren ikuspegitik, etorkizunera begirako hausnarketa egitea.
  • Bertako produktuen ekoizpena eta kontsumoa bultzatzea.

Bisibilizazio ekimenen barruan, Bertatik Bertara dinamika osatzen duten talde eta pertsonek (Leitza eta Aresoko Udalak, LeitzEKO Kontsumo taldea, ekoizleak…) Larren Eguna antolatu dute ekainaren 16rako.

Gainera, herriko beste eragile batzuk ere egunaren antolaketara batu dira. Hala nola, Mendibil mendi taldea eta ALKE kultur taldea.

Larren egunaren helburu zehatza da, bertako ekoizle eta baserritarrek Leitzako herrian egiten duten ekarpen sozial eta kulturala balorean jartzeaz gain, paisaia eta lurraldearen mantentzean egiten duten lana ezagutarazi eta aitortzea.

Horretarako egun osoko egitaraua antolatu da. Goizean goiz herritik abiatu eta Telleri baserrian geldialdia eginen da. Bertan ardi eta haziendekin, belatxotan… egiten den lana ezagutzeko aukera izanen da.

Ondoko hitzordua Mukarrainen izanen da. Nahi duenak autoz joan ahalko du bertaraino. Han haziendak larretan ikusteaz batera, mendi batzordeko kideek larreen funtzionamenduaz, eta beste hamaika istorio kontatuko dituzte. Haur zein helduak baserri mundua ezagutzeko moduko eguna izanen da beraz ekainaren 16rako antolatutakoa.

Amaitzeko eta egunean jasotakoaz lasai aritzeko bazkaria eginen da Kornietan. Bazkaria, Leitza eta Aresoko ekoizleen produktuekin osatuko da (entsalada ,zikiroa eta gaztanbera) Txartelak Astiz, Maimur, Musunzar eta Torrean egonen dira  eta Areson Sastinean. Bazkarirako txartelak, aste honetan jarriko dira salgai (Langileak 22 euro, langabetu eta ikasleak 15 euro eta haurrak 10 euro). Erosteko azken eguna ekainak 12,asteartea da.