Bertako produktuen inguruko lan-taldeak apirila eta maiatza bitartean 400 inkesta egin nahi ditu herritarren artean bertako produktuak erosi eta kontsumitzeko dagoen interesa neurtzeko. Irati Iparra ariko da etxez etxe iritzi guztiak biltzen.

Bertako Produktuen Mahaiak, Leitzan ekoizten diren produktuen, hauen salmenta eta kontsumoaren inguruko diagnostiko ahalik eta errealena jasotzen ari da azaroa geroztik.

Lan taldeak dagoeneko bukatu ditu lehen sektorean aritzen diren ekoizleen elkarrizketak. Kontsumo taldearen laguntzaz komertzioetan aurki ditzakegun bertako produktuen inguruko informazioa ere bildu da.Orain Udalak sortutako mahaiak herritarren iritziak jasotzea bakarrik falta du.

Horretarako herritarren artean 400 inkesta egin nahi ditu lan-taldeak. Janaria erosketa zein kontsumitzeko ohituren inguruko galderak izanen dira. Gainera, herritarrei bertako produktuen kontsumo eta erosketa bultzatzeko zer egin daitekeen galdetuko zaie. Eta jasoko den emaitza Leitzako errealitatearen ahalik eta erakusgarriena izateko, adin-tarte eta generoa kontuan hartuko dira.

Hurrengo asteetan Irati Iparra, leitzarra, arituko da etxez etxe galdeketa egiten.

Hilabete hauetan guztietan egindako lana, maiatzaren bukaeran aurkeztuko zaie herritarrei.