Kultura eta Kirola Udala orokorrak

Udalak martxan jarritako hautapen prozesua pasa den ostiralean, apirilaren 29an, bukatu zen eta dagoeneko hautatu du kirol enpresa publikoa zudenduko duen gerentea.

Leitzako Udalak otsailean iragarri zuen kirol zerbitzuan aldaketak egin eta norabide berri bat emateko duen asmoa. Horretarako lehen urratsa, zerbitzua zuzenean kudeatzeko ANIKOTE LEITZA, S.L. enpresa publikoa sortzeko erabakia hartzea izan zen. Horrekin batera, zerbitzu hori kudeatu eta zuzentzeko gerentea hautatzeko prozesua jarri zuen martxan.

 

25 pertsonek eskaera egin zuten. Hauetatik 21 aurkeztu ziren proba kanporatzaileetara eta horietatik, 8k bakarrik gainditu zituzten. Ondorengo fasera pasa ziren hautagaiek, elkarrizketa pertsonala eta kirol eskaintza publikoari buruzko proiektu baten defentsa egin behar izan zuten. Honela, esan bezala, aurreko astean azken proba hauek burutu eta gero, ANIKOTE enpresa publikoaren gerente posturako hautaketa prozesuari amaiera eman zitzaion. Proba guztien emaitzak batu eta gero, 92,25 punturekin (100 puntu lortu zitezkeen gehienez) Julen Sagastibeltza geratu zen sailkapeneko lehen postuan.

 

Ekainaren 1etik aurrera, beraz, Julen Sagastibeltza izanen da Leitzako kirol instalakuntzen kudeaketaz, herriko kirol eskaintza publikoaren programazioaz eta ANIKOTE enpresaren kudeaketa ekonomikoaz arduratuko dena.

Dokumentuak