Tokiko Garapena Kultura eta Kirola

Aste honetan Leitzako Udalak eta Nafarroako Gobernuko Kultura Sailak bilera egin dute zine zaharraz eta Herri Areto berri baten proiektuaz hitz egiteko. Gainera, abiatutako Herri Aretoaren alde lortutako 1.445 sinadurak entregatu zaizkio Kultura Zuzendariari.

Uda aurretik Leitzako Udalak zine zaharra Herri Areto bihurtzeko egin beharreko moldaketa lanen memoria (aurreproiektua) aurkeztu zuen Nafar Gobernuko Kultura Zuzendaritzan.

 

Moldaketa lanen helburu nagusia da, zine zaharrak dituen arazoak konpontzea (irisgarritasuna, energia galera, instalazio zaharkituak…) eta aldi berean aretoari beste izaera bat ematea areto funtzio-anitzeko bihurtzeko.

 

Udalak Nafar Gobernuarekin egindako bilera eta parlamentarien bisitaz gain, herritarrek ere Herri Aretoaren aurreproiektua ezagutzeko aukera izan zuten ekainean egin zen aurkezpen ireki batean.

 

Bai Leitzako Udala zein herriko eragile desberdinentzat, Herri Aretoaren proiektua estrategikoa da. Kulturalki herri bizia da Leitza eta bere garapen sozial eta kulturalerako garrantzitsua da horrelako ezaugarriak dituen areto bat izatea herrian. Horren ondoren, ekainean Herri Aretoaren aldeko sinadura bilketa bat jarri zen martxan Leitzan. Helburuak bete dira, izan ere, 16 urtetik gorako 1.445 herritarrek sinadura eman dute eta herriko 39 elkarte eta taldeen atxikimenduak lortu dira proiektuari babesa emateko. 16 urtetik gorakoek sinatzeko aukera izan dute eta, gehienak Leitzakoak izan badira ere, eskualdeko zenbait pertsonek ere babesa adierazi dute haien sinadurekin. Leitzak, 16 urtetik gora, 2.440 biztanle ditu eta beraz, modu aktiboan, biztanleen erdiak baino gehiagok parte hartu du kanpaina honetan.

 

Aste honetan Leitzako Udala Kultura Sailarekin bildu da, Nafarroako Gobernua 2018ko aurrekontuak prestatzen hasi aurretik. Bilera horretan Leitzako Udal ordezkariek kanpainan bildutako sinadura orriak entregatu dizkiote Fernando Perez, Kultura Zuzendariari eta proiektua aurrera eramateko behar den diru-laguntza eskatu diote. Oroitu proiektuak osotara 1,2 milioi euroko inbertsioa eskatzen duela.

 

Hurrengo hilabeteak garrantzitsuak izanen dira Herri Aretoaren proiektuaren etorkizuna argitzeko. Udalak bere aldetik hain beharrezkoa ikusten duen proiektu honen alde lanean jarraitzeko konpromisoa adierazi du, bai instituzionetan, nola herritarrekin batera.