Tokiko Garapena Kultura eta Kirola

2018an Nafarroako Gobernutik 300.000 €-ko laguntza jaso zuen Leitzako Udalak Herri Aretoaren moldaketa lanei ekiteko. Horrez gain, 2019. urtean ere finantziazio bidea zabalik izateko lanean jardun du. Lan horren emaitzak jaso ditu orain, eta Nafarroako Gobernua zein europar erakundeetatik kostu osoaren % 67ko laguntza jasoko du.

Leitzako zinema goitik behera moldatzeko eta egokitzeko obra jadanik dezente aurreratuta daude. Une honetan, eraikina hustu eta berrikuntza-lanetan ari dira.

 

2018an, Nafarroako Gobernutik 300.000 €-ko laguntza jaso zuen Leitzako Udalak. Bestalde, orain egun batzuk, Nafarroako Parlamentuko Ogasun Batzordeak, alderdi guztien oniritziarekin, laukoak aurkeztutako zuzenketa onartu zuen eta hortaz, 2019. urtean, Leitzako Udalak  475.000 euroko laguntza jasoko du Herri Aretoaren proiektua amaitu ahal izateko. Guztira, beraz, 775.000€ lortu ditu Nafarroako Gobernuaren eskutik.

 

Horretaz gain, Europar erakundeetatik 100.000 euroko beste diru laguntza bat jaso berri du Leitzako Udalak, Herri Aretoko isolamendua eta energia-efizientzia hobetzeko.

 

Proiektu osoaren kostua 1.300.000 euro inguru izanen dela aurreikusten da eta honela finantzatuko da:

Nafarroako Gobernuak % 60 finantzatuko du.

Europar erakundeetako diru laguntzak % 7 izanen da.

Gainerako % 33, Leitzako Udalak ordainduko du.

 

Lanak 2019. urtea amaitu aurretik bukatu nahi dira.

 

Herri Aretoko beste datu batzuk

Leitzako Herri Areto berriak antzezleku azpian soto bat izanen du, eta bertan entsegu gunea, kamerinoa eta komunak eraikiko dira. Areto nagusiko solairuari dagokionez, 192 eserlekuko aretoa egokitzeaz gain, antzezlekua, atondoa, makineria-gelak, komunak eta abar eraikiko dira. Lehen solairuan, berriz, 68 eserlekuko eremua, banalekua eta instalazio eta kontrol gelak eraikiko dira.

Guztira, beraz, aretoak 260 eserleku izanen ditu, behar diren instalazioekin eta segurtasun neurri guztiekin.

Bi fasetan eginen dira lanak

Lehen fasean, eraikinaren berrikuntza lanak eginen dira; zaharkitutako azpiegiturak bota eta berriak eraiki. Eraikinaz gain, ingurua urbanizatzeko lanak ere eginen dira esleitutako lanen lehen fase honetan: zoladura berria, espaloiak, oztopo arkitektonikoak kendu, eta abar.

Ekipamenduari dagozkion lanak, berriz, bigarren fase batean eginen dira.