Tokiko Garapena Kultura eta Kirola

Sinatu da Leitzako Udala eta Nafarroako Gobernuko Kultura Sailaren arteko hitzarmena zine zaharrean moldaketa lanak egin eta Herri Aretoaren proiektua aurrera eramateko. 2018an, 300.000€-ko laguntza jasoko du Udalak. Honenbestez, moldaketa lanak aurtengo udan hasiko dira. Era berean, datorren urtean ere finantziazio bidea zabalik izatea da Leitzako Udalaren helburua.

2017 urtean hainbat bilera egin ziren Nafarroako Gobernuko Kultura Saila eta Leitzako Udalaren artean gaur egungo zine zaharra berritzeari buruz eta egin beharreko moldaketa lanen memoria (aurreproiektua) aurkeztu zuen Udalak.

Horrekin batera, herrian egindako sinadura bilketa kanpainaren emaitzak entregatu ziren. Guztira, 1.445 sinadura izan ziren. Leitzak, 16 urtetik gora, 2.440 biztanle ditu eta beraz, biztanleen erdiak baino gehiagok eman zion babesa Herri Aretoaren proiektuari.

Hitzarmen honen sinadurarekin beste urrats bat eman da Herri Aretoaren proiektuan, Nafar Gobernuko Kultura Sailetik 300.000€-ko partida lortu delako egin beharreko moldaketa lanak finantzatzeko. Era berean, datorren urtean ere finantziazio bidea zabalik izatea da Leitzako Udalaren helburua.

Horrez gain, beste zenbait diru-laguntza lortu dira proiektua aurrera eramateko, PIL-eko izendapen asketik jasotakoa, adibidez. Gainera, Europatik (IDAE) bideratzen diren laguntzen deialdi baten ebazpenaren zain ere badago Udala.

Gogoratu behar da moldaketa lanen helburu nagusia dela, zine zaharrak dituen arazoak konpontzea (instalazio zaharkituak, irisgarritasuna, energia galera, ekipazioa…) eta aldi berean aretoari beste izaera bat ematea areto funtzio-anitzeko bihurtzeko.

Herri Areto berria moldatzearekin batera, zine zaharraren inguruko kaleak urbanizatuko dira irisgarriagoak izan daitezen herritar guztientzat.

Proiektua eta zuzendaritza lanak esleitu dira dagoeneko. Proiektua egiteko lana Prada Arquitectura estudioak hartu du bere gain eta jadanik aurreproiektua egin dute. Proiektuaz gain, lanen zuzendaritza ere aipatutako enpresaren ardura izanen da. Behin proiektua amaitu eta gero, Leitzako Udalak obrak esleitzeko prozedura abiaraziko du eta, obra lanak udan hasiko direla aurreikusten da, uztaila inguruan hain zuzen.