Mendia Berdintasuna eta Gizarte Politikak

Aurten aldaketa gehiago egin dira zerbitzuan, gaitz egurraren eskaintza egungo errealitatera egokituz. Bestalde, aurten ere ez da etxerako zerbitzurik emango. Sutarako egurra herritarrek izena eman beharko dute 948 012 012 telefonora deituz, maiatzaren 19ko eguerdiko ordu bata baino lehen.

Udalak urte bat eman du gaia aztertzen eta garai batean gaitz edo ezintasun bezala ulertzen zena gaur egungo errealitatera ekarri nahi izan du. Gainera ikusi du gaitz egurraren eskaerak, berez handia ez bazen ere, azken urteetan behera egin duela. Iaz bost lote bakarrik eskatu ziren, 2012an bederatzi.

Horiek horrela, Udalak erabaki du Gizarte Zerbitzuekin elkarlanean, gaitz-egurra oinarrizko beste  behar mota bat duten pertsonei bideratzea. Hau da, pobrezia energetikoa pairatzen edo pairatzeko arriskua duten pertsonei bideratzea.

Horretarako Bermatutako Errentako baldintzak bete beharko dira. Gehienezko diru sarrera 960€ baino gutxiago duten familiak dira hauek. Gizarte zerbitzuek txostena egin ondoren esleituko da lotea. Baldintzak betetzen ez dituztenei lote arrunta markatuko zaie.

Lotearen truke 45,88 euro ordaindu beharko da. Egur lotea eskatzen dutenek auzolan bidez ordaindutako dirua berreskuratzeko aukera izanen dute aurten ere bai. Horretarako eskaera egiten denean adierazi beharko da auzolana egingo dela. Ondoren dirua itzuliko da.

Hori dela eta, auzolana Udalak antolatuko du eta gaitz egurra ateratzera bideratuta egonen da. Beraz, iraila inguruan egin beharko da. Auzolan talde honek gaitz-egurra bota eta traktorea kargatzeko zama lanak eginen lituzke udal langilearekin batera.