Jasangarritasuna

2016an onartutako Udal Energia planari esker aurrezpen handia lortu da. Dagoeneko urtean 22.000 euro baino gehiago aurrezten ari da Udala, urteko gastua 119.063 eurotik 96.973ra jaitsi da.

2016 urtean onartu zuen Leitzako Udalak Energia Plana. Bertan hainbat neurri proposatzen ziren: potentziak jaitsi, kontratuak Goienerrera pasatu, eguzki plakak autokontsumorako bideratu, besteak beste. Gainera, energia gaietarako aholkularitza kontratatzea erabaki zuen Udalak.

Udal Energia Plana martxan jarri zenetik, aurrezpen handia lortu da kontsumitutako energia murriztuz. 2015ean, guztira, 881.846 kWh kontsumitu baziren, 2019an, guztira, 789.819 kWhra jaitsi zen energia kontsumoa.

Dirutan, gaur gaurkoz, 22.000 euro baino gehiago aurrezten ari da Udala. Plana martxan jarri aurretik, Udalak 119.063 euro gastatzen zituen energia horniketan (2016 urtean). Iazko kopurua askoz txikiagoa da, izan ere Leitzako Udalak 2018an osotara 96.973 euro gastatu zituen energia horniketan.