Ekonomia eta Hirigintza Udala orokorrak

Herritarrei udal aurrekontuei buruzko informazio zehatzagoa eman eta beraien iritzia jaso asmoz, batzar irekia burutu zuen Udalak aurreko astean.

Otsailaren 9an onartu ziren aurrekontuak behin-behinean. Ondoren Nafarroako Boletinean publikatu ziren eta jada behin-betiko onarpena du aurtengo Udal aurrekontuak. Gainera, www.leitza.eus orrialdean zintzilikatuko dituzte edonork kontsultatu ditzan.

Batzarraren hasieran, ekainetik gaur arte egindako hainbat lan eta proiekturen berri eman zien Mikel Zabaleta alkateak bertaratu ziren herritar eta zinegotziei. Zorpetzea %91 gutxiago izan da; haurtzaindegian modulu berri bat ireki da; hilerrian 100 nitxo eta 16 kolunbarioa eraiki; eta Nafar GobernuaraBaztarlako bidea eta Plazaolako erortza konpontzeko eskaerak bideratu dira besteak beste.

2.405.031€ko aurrekontua izango du Udalak 2016 urtean. Horietatik 189.100€ inbertsio desberdinetara bideratuko dira, tartean dagoeneko hasita dagoen igerilekuen obra. Bestalde, politika sozialen alde egindako apustuak Gizarte Zerbitzuetako ekarpena %10 igotzea edo genero berdintasunerako baliabideak %250 handitu izana ekarri du besteak beste.

Herritarren partaidetzari dagokionez ere, eragileei laguntzeko ahalegina egin da eta dirulaguntzen gehientsuenak igo dira. Kultur eta hizkuntz arloan aipagarrienak Pestetako partida %6 handitzea eta euskara erakundeei ematen zaien laguntza 5.000€ gehiago izango dela.

Hau guztia eta gehiago, azaldu zuen alkateak herritarren aurrean. Ondoren, bertaratuek hitza hartu eta herriari dagozkion zalantza eta kezkak adierazteko aukera izan zuten.

Dokumentuak