Egun hauetan informazioa ziztu bizian doa. Hainbat eta hainbat mezu argitaratu dira sare sozial eta gainerakoetan. Artikulu labur honetan, esanguratsuenak biltzeko ahalegina eginen dugu herritarrek kolpe batean jakin beharrekoak laburbildu asmoz. Hala eta guztiz ere, unean uneko informazioa gure sare sozialetan jarrai dezakezu. Gu zainduz besteak zaintzen ditugu. Lasaitasuna, elkartasuna eta kontzientzia.

Irudi hauetan guztietan, egun hauetan bat bestearen atzetik argitaratu ditugun informazio esanguratsuenak bildu nahi izan ditugu, herritarren eskura eta erraz aurkitzeko moduan jartze aldera.

Egunez egun egoera asko aldatu da eta, hasierako aholku edo gomendio batzuek, agindu bilakatu dira eta beste batzuek, baliagarri izateari utzi diote. Horregatik, une honetan denontzat lagungarri izan litezkeenak bildu ditugu, beti ere informazio iturri ofizial eta fidagarriak oinarri hartuta.

Irudi horien artean, honakoak aurkituko dituzu: Covid-19aren inguruan Udalean hartu diren neurrien laburpena, Covid-19aren inguruko agindu eta aholku ofizialen zerrenda, erosketak egiterakoan nola jokatu, informazioa zabaltzerakoan arduraz jokatzeko aholkuak, gaixotasunaren sintomak azalduz gero nora jo eta Herritarren Laguntza Sarea antolatzeko lehenengo pausoak.

Guztion ardura eta zuhurtasunez, birusaren bat-bateko hedapena saihesten ahaleginduko gara, horrela arrisku gehien izan dezaketen gizon-emakumeek  dagokien osasun arreta jasotzen segiko baitute, orain arte bezalaxe.

Ondorioz, leitzarrek ere, #EtxeanGelditu kanpainarekin bat egiten dugu eta "gu geu zainduz, besteak zainduko ditugu".

Lasaitasuna, elkartasuna eta kontzientzia nagusitzea inportantea izango da etxean eman beharko ditugun egun hauetan guztietan.

Edonola ere, adi egon informazioari.